XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta ez dugu ahaztu behar, poema sail hau nahiko gazterik idatzi zuela Gandiagak: teologi ikasketen azken urteetan eta apaizgoko lehen aldi hartan.

Autorea gaztea izateaz gainera, hau da, adinaren arauera irakurketa zabalegiak egin gabea, honek esan nahi du, bere garaian eta berea bezalako zentru batetan adituenek poesia arloan egin ohi zituzten irakurketak egina zela.

Horregatik, idaztiturrietan aipatzekoak dira Horatio et Virgilio, biotan lehenengoa maiteago zuelarik bigarrengoa baino.

Ondoren gaztelerazko klasikoak, bereziki Donibane Gurutzeko.

Oraintsuagotan, euskal autore asko irakurria zen, aparteko harrera Lizardi, Orixe, Lauaxeta eta Salbatore Mitxelenari egin zielarik.

Eta aipatzekoak erdal munduko poeta gailurrak, hala nola A. Machado, J.R. Jimenez, Gabriela Mistral, Blas de Otero (hau beranduago ezagutua).

Eta horiekin batera, atzerrietako poeten itzulpenak, ingelesak eta frantzesak.

Autoreon aipamenak baino garrantzi haundiagoa du, noski, beste honek: Elorri idatzi aurretik zehatz-mehatz markaturik zeukala poetika bat bere buruarentzat; eta saiatu ere saiatu zela poetika honen lege barruan poema-bilduma hau idazten, puntu honen bukaeran esango dugun bidetik.

3.3. Ariaren arizko abilezia: Garrantzizko derizkiot poetikaren hirugarren alderdi honi.

Gandiagak, liburua egin beharrez hasten denerako, materiale piloa idatzirik dauka.

Langile ugaria da, benetako idazlea, iraupen oneko arraunlaria.

Hitza meneko dauka eta asmatuko du beti esaldirik egokiena gaiaren arauera.

Eskarmentu haundiko idazlea dugu.

Euskaldunen artean idazle gehisko ikusten da hizkerak azpiratzen eta menderatzen duenik.

Mamiz hain eder eta azalez hain koloka.

Baina Gandiagaren baitan ez dago horrelakorik.

Gustatuko zaizu, asko nahiz gutxi, ikusmoldea eta iruditeria.

Baina klasikoen mailako dugu idazkeraren betean.

Disziplina gogorreko poemagintzaren jabe dugu. Berezkotik asko du. Ikasitik ez gutxi.

Baina artesautza ere oso berea du. Pultsu sendoa.

Eta denen gainetik aitortzekoa, hitzezko artegintzan eginiko ikerketa aspergaitza.

Horregatik, azpimarragarriak direlakoan nago Elorri-ren lege eta arau estetikoak.

Urritasunaren mirariak jasoz eginiko pieza txikiak asko eta asko; poema sinbolikoak, gauzatxo horien mezu isila jasoz; margolaritzaren arauera landuak.

Eta batez ere, kontenplazioaren ondorio, begian sortuak, entzumenean oroituak eta hitzez jantziak.

Disziplina bat dakarrena, bakardadearen lege seraila, hutsarte kontrolatuaren mezu aszetikoa.